Santa Mariaren Parrokiako Musika Kapera eta bertako Kapera Maisuak

Donostiako 1813ko sutean dokumentu historiko ugari galdu egin zen eta gaur egun urri da hiriaren bizitzari buruzko informazioa, besteak beste, jatorrizko Santa Mariaren Parrokiako Musika Kaperari buruz mintzatzen zaigun informazioa. Hori dela eta, erabat ezinezkoa gertatzen da musika kapera hori noiz sortu zen doitasunez finkatzea, baina, nahiz eta gaur egun dugun informaziorik zaharrena, XVIII mendekoa izan, posiblea da oso -aldameneko San Bizente Parrokian gertatzen zen modura-bi mende lehenago musika aktibitate profesionala eta ordaindua egotea.

Gaur egun ditugun aipurik zaharrenetakoen artean, segidan azaltzen den 1759 urteko bat da -Espainako Erresumako Carlos III Erregeari egindako errege-ohorea
k: “… Santa Maria Parrokiara, bertan Meza Nagusian, bibolinak, tronpak… eta Kaperako ahotsak entzun ahal izan ziren, aurretik, Meza ospatzen zen bitartean eta ostean, su artifizialak ere egon ziren”

Urte batzuk beranduago, 1783an, beste aipu bat aurkitzen dugu, hain zuzen ere, Arantzatzuko artxiboko partitura batean idatzita dagoen aipu bat: “Eguerritaco versoac cantatu ber diranac Donostiaco Santa Marian, eta ipiniac Musican bertaco Maisu-Capilla Don Miguel Jose de Oruñac” Aipu honi esker, ezagutzen dugun lehenengo Kapera Maisuaren izena jakiteko aukera izan dugu. Migel Jose de Oruñac, baina zoritxarrez, gutxi dakigu maisu honi buruz, Santa Mariako artxiboan ez dago bere lanaren eskuizkriburik.

 

Ezagutzen dugun hurrengo Kapera Maisua, Mateo (Antonio) Pérez de Albeniz dugu (1765-1831). Organojolea, konposatzailea eta tratadista, Logroñon jaioa zen eta 1800tik 1829ra Santa Marian landu zuen musika sakratu ugari idatziz. Garai zailak bizitzea tokatu zitzaion Mateo Albenizi, besteak beste, hiriaren setioa eta sutea, bere garaian Manuel Sagastiren Requiem Meza ezaguna estreinatu zen.

Pedro Pérez de Albeniz (1795-1855) dugu Santa Mariako hurrengo Kapera Maisua. Materoren semea, Parisera ikastera joan zen. Pianojole ospetsua izan zen baina bere aktibitaterik nabarmenana irakaskuntzan garatu zuen. Donostia utzi eta Madrilera joan zen bertako Real Conservatorio-an irakasle eta Capilla Real-eko organojole. Isabel II.ren piano irakaslea izan zen.

 

Hurrengo protagonistaren helduerak, hiriko musika bizitza goitik behera aldatu zuen. Bere izena, Jose Juan Santesteban “Maisuba” zen eta ia 50 urtez (1834tik – 1879ra) Santa Mariako Kapera Maisua izan zen. “Maisuba” izan zen, kaperaren aktibitatea bulkatu zuena, bera kaperaren ateak, Sociedad Filarmonica koru amateurrari ireki zizkiona; bere garaiak oparo garaiak izan ziren: Santa Mariako Musika Kaperak instrumentujole eta abeslari ugari zuen, batzuk profesionalak, beste batzuk amateurrak baina denak kaperarekin konprometituta; bere garaian, errepertorioa zabaldu egin zen: Haydn, Beethoven, Schubert… eta azkenik, bere garaian, gaur egun basilikan dugun altxorrik nagusienetako bat ekarri zen, Cavaillé-Coll organu miresgarria.

Eta organu zoragarri hori estreinatu zuen organojolea, ezagutzen dugun azkeneko Kapera Maisua izan zen, Jose Antonio Santesteban, “Maisuba”ren semea. “Pudente” lehenengo euskal operaren konposatzailea, 1879tik 1906ra Santa Marian landu zuena.

Eta berarekin ezagutzen dugun kaperaren historia bukatzen da.

franja_logo_01_1400